Azaroaren 25a dela eta, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina bat abiarazi du. Kanpaina horren leloa “Lor dezagun aurtengoa azken A25 izatea. Bat gehiago ere ez” da eta Giza Eskubideak behin eta berriz urratzearekiko nazka adierazten du. Kanpaina honen aurkezpen-ekitaldia gure ikastetxean izan da hain zuzen ere, LHII Emilio Campuzanon, eta bertan hainbat material banatu da gure ikasleen artean.
Aurkezpenean, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatu den Teresa Laespadak gogorarazi du gure Lurralde Historikoan azken hamarkadan 15 emakume asasinatu dituztela eta Bizkaian urtero bi mila emakumek baino gehiagok jasaten dutela indarkeria matxistaren bat. Iaz, zehazki, 2.307 emakume izan ziren. Ildo horretatik, gogorarazi du “indarkeria matxista desberdintasunean oinarritutako gizarte baten emaitza dela”, eta “emakumeen aurkako erasoak eta hilketak desberdintasun horren adierazlerik larriena direla, baina zeharkako errealitate bat dela, eta emakumeei kalte egiten diela, neurri handiagoan edo txikiagoan, bizitzako esparru guztietan”. Diputatuak azaldu duenez, kanpainak “feminismoaren eta emakumeen indarra bistaratu nahi du matxismorik gabeko gizarte baten aldarrikapen honetan”. Sergio Perosanz, gure Ikastetxeko zuzendariak ere gogorarazi duenez, «zoritxarrez, azaroaren 25a ospatzea beharrezkoa da oraindik. Ia egunero ikusten dugu. Emakumeen aurkako indarkeria ohikoa da tamalez eta Emilio Campuzanon badakigu zer den. Iaz, gure irakasle batek sufritutako jazarpena salatu genuen, eta ez zuen ibilbide luzerik izan. Badakigu biktimek babesgabetasuna jasaten dutela, eta kausa horrekiko dugun konpromisoa berritu nahi dugu. Emakumeen aurkako indarkeria iraganeko zerbait izan dadin». LHII Emilio Campuzanoko irakasle eta ikasleek parte hartu dute kanpainan, eta Arte Grafikoetako eta Fabrikazio Mekanikoko zikloetako hiru ikaslek, Mikel Arrue, Ariane Muruaga eta Irati Pérezek, testu bat irakurri dute, era guztietako indarkeriaz nazkatuta daudela adierazteko, eta gizarte berdinzale baten eraikuntzan, mutilek neskekin batera lan egitearen alde azaldu dira.
Kanpainaren informazio gehiago lor dezakezu hurrengo estekan: https://web.bizkaia.eus/eu/web/comunicacion/berriak/-/news/detailView/25009?_News_redirect=%2Fes%2Fweb%2Fcomunicacion%2Finicio
Datu hauek guztiak Bizkaiko Indarkeria Matxistaren Behatokiaren webgunean kontsulta daitezke: https://web.bizkaia.eus/es/observatorio-de-la-violencia-machista.