Aurkezpena
Gure institutua sare publikoan integratutako ikastetxea da, urte askotako esperientzia eta etorkizun-sena batzen dituena, heziketa eta lan arloa elkarrekin lotuz.Kalitatezko prestakuntza irekia eta integrala eskaintzen dugu, gure ikasleen aniztasuna irizpide izanik. Konfiantzazko giroa eraiki dugu eta material zein giza baliabide egokienak erabiltzen ditugu xede horretarako. Hala, euren gaitasunak ahalik eta gehien aprobetxatuz, gizarte zuzen eta solidarioagoa eraikitzeko gai diren hiritar onak eta profesional adituak bilakatzeko aukera dute ikasleek.
Historia
Emilio Campuzano LHII-k 1879ko otsailaren 10ean Bilboko Pablo de Alzola alkate jaunaren babespean inauguratutako Arte eta Ofizioen Eskolan du jatorria. Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak sustatu zuten proiektu hura.Arte eta Ofizioen Eskola antzinako San Andres ikastetxean kokatu zen, gaur egun Euskal Museoa denaren egoitzan, eta bertan jarraitu zuen 1910-1911 ikasturtera arte, Los Santos Juanes Ospitaleko eraikinera mugitu zenean. Gaixoetxeak egoitzaz aldatu zuen orduko hartan oraindik ere Basurtun mantentzen duen kokagunera.
Hasiera batean Aritmetika, Geometria, Figura Marrazketa eta Marrazketa Lineala bezalako jakintzagaiak irakasten ziren eskolan. Geroxeago, arte eta lanbide hezkuntzan ohikoak diren beste irakasgai gehitu ziren, arlo eta maila ezberdinetan: Marrazketa Industriala, Modelaketa eta Taillaketa, Ahokadura, Erreminta Makinak, Zurgintza, Topografia, Merkataritza…
1902-1903 ikasturtean Langileburuen Atala inauguratu zen, eta 1907-1908 ikasturtean Ingelesaren irakaskuntza gaueko ordutegian.
Lan, Arte eta Ofizioen Eskola bilakatu zen ikastetxea 1932an, eta egoitzaz aldatu zen berriz ere, Bizkaiko Aldundiak Etxebarrin zuen eraikinera.
Arte Grafikoen saila sortu zen 1954an, arlo honetako enpresari talde baten ekimenez. Nabarmena izan zen Grijelmo familiaren ekarpen tekniko eta ekonomikoa.
1955eko Lanbide Heziketa legearen ondorioz, Maisutza Industrialeko Eskola bilakatu zen antzinako Lan Eskola.
Lekualdaketa berriz ere proposatu zuten eta eskola Atxurira bueltatu zen 1958an. “Emilio Campuzano” Maisutza Industrialeko Eskola izena hartu zuen urte horretan, 1888tik irakasle eta 1900 eta 1932 bitartean zuzendari izan zenaren ohorez.
1970ko Hezkuntza Legearen ondorioz izena aldatu zuen beste behin, Emilio Campuzano Lanbide Heziketako Institutu Nazionala bihurtuz. 1980an, transferentzien ostean, Emilio Campuzano Lanbide Heziketako Institutu Politeknikoa izena hartu zuen. 1992ko Hezkuntza Legearekin, Emilio Campuzano Bigarren Hezkuntzako Institutua bilakatu zen.
2010an Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eten genuen. Gaur egun 19 ziklo eskaintzen ditugu, zazpi lanbide arlotan banatuta. Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua bilakatu zen institutua 2015ean.